XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hi zoratuta hago! Txapela irabazi eta bertsolaritza utzi?.

Instant horreik luzatzea zorotasunaren erreinuren bat zeharkatzea izango da.

Honelako hamaika pentsakizun eginda, bueltan etxerantz nentorrela, goizalde beranduan gehienik, neure Dyane kulunkarian ezin nintzen kabitu eta edozein ikuspegi zabaletan geratu eta bide baztarrera urtengo neban, alde bietako ateak zabalik itzita, infinituak leku gehiago euki zegien.

Egunez mugek ez dabe izten infinitua irudikatzen, baina gauez bertan zagoz eta zure pentsamentu eskandaloso bat espazioan erabat aske eta detektagatx nabigatzen ikusten dozunean, ahalguztiaren hegal bat joten dozu, beste zenbat eukiko dituen ez badakizu be.

Egunak arin, konpromisoak amaituz eta agenda hutsik geratuz zihoan.

Geroz gehiago kostatzen jatan okupaturik nengoela justifikatzea eta azkenean iritsi zen etorri behar ebala benenkien kinka. Inguruka ibili barik, bertsolaritza itzi egiten nebala iragarri behar zen.

Zelan? Deitzaileei garbi esaten hasita, horrela barria astiro-astiro zabalduz joan zeiten?

Semaforo Gorri baten bitartez danba, zurrumurru bihurrien bazka bihurtu barik?

Behar zen, baina ez nintzen ausartzen!

Beharbada samurrago izan zeitekeen urtebeteko etenaldia iragartea.

Laster ezkontzeko nenbilen, bidaia bat aduzi nezakeen, baita egin be, behar bazen, eta azken batez motibo pertsonalentzat jentea beti dago ulerkor, errukirako ez bada, paternalismorako aukera bat emoten dautsozulako.

Baina bertsolaritza iztera zoazela jakiteak haren urgulua mindu leike, erabagi amankomun bat unilateralki hartu dozulako.

Hemen norbere ahultasunen erakusketa oso bisitatua da, baina besteakazko desadeia ez dautsue pasiboki onartuko.

Etenaldiari lorrina eritxi neutson.

Hoba zen barria astebetean amaitu eta kitu.

Hemen iraganak laster ehorzten dau bere burua.

Okerrena da hari pendienteak iztea, zeintzuetatik lurpean zagozela be tiratzen dautsuen, ez osasuntsu biztu gura zaituelako, zure aukera ustez zoriontsuagoa perturbatzeko baino.

Barria osoan eta zapla emotea aisa erabagi neban, baina erabagiaren betetzea luzatu egiten zen.

Hurrengo Semaforoan.

Idazten be hasiko nintzen, baina hirulau lerro orduko, bertan behera itziko neban